XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitz honi dagokionez ere ez ziren kontuak ongi egin. Demagun, oraingoz, uharte ez dela beste bien kidea.

Orduan, isla eta irla-ren artean, beste hitzetan aplikatzen omen ziren irizpideen arabera, irla hautatu behar zen: ez da Hegoaldeko tradizio osoan irla-rik ageri, eta Iparraldean ez dira gutxi isla erabili izan dutenak, komeni zenean hainbeste aipatzen zen Leizarraga barne.

Aplikatzen omen ziren irizpideak idatzi dut hiruzpalau lerro gorago, zeren, egiatan, euskara batuaren lehen garai hartan gehienetan aplikatu zen irizpidea espainol mozorrotuarena izan baitzen, hitz honetan begien bistan nabari denez: irla-k ederki ematen die gure belarri erdaldunduei, familiakoa gertatzen zaie eta gainera oi zorionaren mukurua!, euskal hitza da, ez isla espainola bezala.

Horra irla hautatzeko egiazko arrazoia, eta horra hainbaten artean izan duen arrakasta ezin ukatuzkoaren giltza.

Ez, irla ez zen isla espainola bezalakoa, baina ezta ere hitzari esanahia aldatu zioten garbizaleen uharte bezalakoa. Honetaz ere bada zer esanik, liburu honetan erabiltzen den irizpide nagusiaren arabera: literatura tradizioak, eta literatura tradizioak bakarrik, du hitza, euskara idatziko forma baten esanahia finkatzeko orduan.

Ezin da esan, euskaraz, uharte, espainolezko entrambasaguas-en kide dela: hori, gehienera jota, euskal toponimian izango da 35 Toponimiaren kontuaz ikus, orobat, erret sarrera, baina ez euskaraz, zeren filologo ustekoek diotena gorabehera, ez dago horrelako euskara absoluturik.

Euskara asko daude, nahasi behar ez direnak, eta bakoitzari berea eman behar zaio. Euskara idatziari berea, adibidez.